Txakurren kardiomiopatia dilatatua (CMD Primarioa edo Idiopatikoa) bihotzeko bigarren gaixotasunik ohikoena da haiengan. Normalena da 6-7 urterekin izatea, baina 1-14 urte bitarteko animaliengan ager daiteke.
Gehien kaltetutako arrazak tamaina handi eta erraldoikoak dira, hala nola dobermana, boxerra, dogo alemana, cocker spaniela, sanbernardoa, artzain-txakur alemana, labradorra, irish wolfhounda, golden retrieverra eta terranova, bereziki arraza garbikoak izanez gero.
Bihotzak pareta fin-finak ditu, odola bultzatzeko indar nahikorik gabeak.
Zantzu klinikorik ohikoena ariketa egiteko ezintasuna edo nekea da, baina, kontuz!, askotan txakur zaharrek jasaten dute eta jabeak pentsa dezake normala dela, adina kontuan hartuta, gehiago nekatzea edo motelago ibiltzea. Gure maskotaren jarreran aldaketarik badago, garrantzitsua da albaitariari esatea!
Diagnostiko goiztiarrak nabarmen luza dezake gure maskotaren bizi-itxaropena.